Emaitzak

Txostenaren PDF-a aurkituko duzu jarraian.

PDF-a deskargatu

Bagirako gidaritza batzordearen irakurketa

PDF-a deskergatu

Ostiral honetan, azaroaren 3an, bere inkestak bildu dituen 1500 erantzunei esker, Bagira prozesuaren gidaritza batzordeak bere ondorio nagusiak eta Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak hartu beharreko orientabide nagusiak plazaratu ditu.

Inkesta arrakastatsua
Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen diagnostikoa egiteko Bagira prozesuan zabaldu inkestak arrakasta handia izan du, 2250 pertsonak izena eman baitute inkesta errezibitzeko, eta 1500 erantzun inguru izan baitira. Bat-batekotasunak, hausturak, politikatik eta antolaketa kolektibotik urruntzeak ezaugarritzen duten garai honetan, Mugimendu Abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun- eta gogoeta-tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko

Ondorio nagusiak
Prozesuaren bultzatzaileek hainbat ondorio nagusi atera dituzte inkesta honetatik. Lehenik, erantzun dutenek aniztasun handia izan arren, inkestaren emaitzek gehiengo argiak erakusten dituzte gai askori buruz. Bigarrenik, kohesio horren ondorioz, azken urteetan eraman dinamika militanteen eta Mugimendu Abertzalearen oinarri zabalaren arteko egokitzapena ageri da, oinarri zabal horrek positiboki ebaluatzen baititu borroken aitzinamendua eta eramateko manera. Bereziki gatazka politikoaren ondorioen konponketaren kasua da, Ipar Euskal Herriko preso politikoen askatzeari buruz urrats oso garrantzitsuak eman baitira. Hirugarrena da inkestatuek abertzaletasunaren oinarri historikoekiko atxikimendua berresten dutela –euskara, subiranotasun politikoa eta materiala edo Euskal Herriarekiko atxikimendu sentimentala (Zazpiak bat)– eta aldi berean abertzaletasuna sozialismoarekin ez ezik, ekologiarekin eta feminismoarekin ere lotzen dutela. Azkenik, inkestak agerian uzten du Mugimendu Abertzalearen barneko engaiamendu moldeen aniztasuna, bai diskurtsoaren eta bizi praktikaren arteko koherentzia, bai kolektiboen barneko ekintza militanteak, bai fronte elektoral eta instituzionaleko engaiamendua.

Hurrengo urteetarako desafioak
Erantzun dutenen gehiengoak aro instituzional berri baten alde egin du, instituzio maila ezberdinak bilduko dituen estrategia plural batekin. Horrez gain, zeharkako bost ardatz nagusi identifikatu dira, bereziki euskara, etxebizitzaren aldeko borroka, arazo klimatikoa eta subiranotasun materiala, borroka sozialak, eta laborarien borrokak. Azkenik, mugimendu osoak lehentasunezkotzat jotzen dituen bost desafioetan sartzen ez badira ere, feminizatzea eta genero-berdintasunaren aldeko borroka, hala nola belaunaldien berritzea eta gazteen dinamikak, erantzunen proportzio esanguratsua dira eta, Gidaritza Batzordearen iritziz, erantzunak aurkitu beharko dituzte heldu diren urteetan.

Azken sekuentziako momentu garrantzitsuak
Bagira prozesuak gaur irekitzen du bere azken sekuentzia, abertzaletasuna berrituko duen bide orri partekatu bat eraikitzeko eta hurrengo urteetan mugimendu gisa hartu beharreko norabideak finkatzeko asmoz. Horretarako, momentu garrantzitsu batzuk iraganen dira, non Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleko kide guziak gomitatuak izanen baitira, momentu horietaz balia daitezen biharko Euskal Herria elkarrekin eraikitzeko.

Heldu diren asteetan, hainbat lekutan, emaitzen aurkezpenak eginen dira: solasladi, elkartruke eta eztabaida momentua izanen dira. Ondotik, Gazte Eguna etorriko da abenduaren 2an, larunbatarekin, Hazparnen, non Mugimendu Abertzaleak bere etorkizuna marrazten hasteko hitzordua baitu. Prozesuaren azken sekuentzia horren beste momentu garrantzitsu bat iraganen da urtarrilaren 27an, larunbatarekin: Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen jardunaldiak. Azkenik, Bagira prozesua bukatuko da 2024ko Aberri Egun herrikoi eta aldarrikatzailean (eta besta giroan!), Uztaritzen, 2024ko martxoaren 31n, igandearekin.

Zu ere
bazira ?

Berripapera
Prozesuaren berriak jaso nahi dituzu? Hitzorduen informazioak?
Harpidetu gure berripaperari!

Izan laguntzaile
Mugimendu Abertzalearen prozesu historiko horren parte izan nahi duzu?
Izena eman gure laguntzeko!

Parte hartu