Urtarrilaren 27an, Kanboko Xalbador kolegioan iraganen diren mugimendu abertzalearen jardunaldietarako hitzordua jarri du Bagira prozesuak. Mugimenduaren birfundaziorako eta heldu den hamarkadarako haren bideorriaren osaketarako eguna izanen da Kanbokoa.
Bideorri bat Mugimendu abertzalearentzat
Duela urtebete abiaturiko Bagira prozesua bukaerara iristear da. 1500 bat abertzaleren artean egindako inkestak heldu den hamarkadarako erronkak agerian utzi ditu; oinarri honen gainean eraikiko da Aberri Egunean aurkeztuko den bideorria.
Bideorriaren lehen zirriborroaren inguruan trukatzeko deia egiten du Bagira prozesuaren sustatzaileek Urtarrilaren 27an Kanboo iraganen diren Mugimendu abertzalearen jardunaldietan.
Urtarrilaren 27a, larunbata: Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen jardunaldiak
Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen birfundaziorako mugarri izanen dira jardunaldiak
09:00etan hasiko da eguna parte hartzaileei eginen zaien harrerarekin. Bideorriaren zirriborroari buruzko eztabaidari eskainiko zaio goiza: egoera lokal zein globala, abertzaletasunaren oinarriak, estrategiak eta praktikak, etapa instituzional berri baterako perspektibak… Denen parte hartzea errezteko gisan, talde ttikitan antolatuko dira solasak.
Arratsaldean berriz, heldu den hamarkadan lorgarriak diren helburuak definitzeko hainbat tailer eskainiko zaizkie parte hartzaileei ondoko gaien inguruan: euskara, etxebizitza, klima, soziala, laborantza herrikoia, gazteria edo feminismoa.
Lanak bateratzeko ariketa batekin eta lagunarteko zintzur-bustitze batekin emanen zaio bukaera egunari 17:00etan.
(Egitarau zehatza behean)
Tailerretan izena ematea eta bazkaria erreserbatzea beharrezkoa izanen da lotura honetan: https://labur.eus/SkGUL
Bideorriaren aurkezpena 2024ko Aberri Egunean
Kanboko lan-egunaren emaitzak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bideorria elikatuko du eta Aberri Egunean aurkeztuko da. Hitzordu garrantzitsu hori 2024ko martxoaren 31an iraganen da Uztaritzen, eta Bagira prozesuari bukaera emanen dio geroari begirako besta giroko egitarau aldarrikatzaile, alaitsu eta herrikoiarekin.
Mugimendu abertzalearen geroaren definizioan parte hartu nahi duen pertsona oro Urtarrilaren 27ko mugimendu abertzalearen jardunaldietan parte hartzera deitzen du Bagira prozesuak.